Thinking Football Film Festival, Athletic Club Fundazioak Sala BBKren laguntzarekin antolatzen duen zinema eta futbol jaialdia da. 2013an lehen aldiz argitaratu zenetik, zinemaldia handituz joan da, eta munduko futbol- eta zinema-jaialdi garrantzitsuenetako bat bihurtu da.
Thinking jaialdia urtero egiten da eta, edizio berezietan izan ezik, astebetez Bilboko Sala BBK aretoan hamabi eta hogei film bitartean proiektatzen dira, Fundazioaren kultur taldeak aukeratuak. Jaialdian parte hartzeko aukeratu diren filmek istorio gizatiar eta sozialak kontatzen dituzte, modu batean edo bestean futbolaren munduarekin zerikusia dutenak.
Oro har, Thinking Football Film Festivalen programazioak futbolaren industriak egungo munduan duen boterea eta gizartean duen eragin handia hobeto ulertzen laguntzen du. Hori dela eta, Fundazioak zineforum-saioak antolatzen ditu proiekzioen ondoren, eta bertan gai interesgarriei buruz eztabaidatzen da, kirol-arloa gainditzen duen ikuspuntu batetik. Solasaldi horietan, proiektatutako filmeko ordezkariek (ekoizpen taldekoak, zuzendaritzakoak edo protagonista-taldekoak), jorratutako gaian adituek eta Athletic Clubeko ordezkariek parte hartzen dute, eta nabarmentzekoa da gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeetako futbolarien ohiko presentzia.
Besteak beste, Thinking Footballeko solasaldietan, Osvaldo Ardiles, Alfonsinho, Rachid Mekhloufi, Lee Dixon, Thomas Hitzlsperger, Stefan Majewski, David May, Bob Bradley, Georgios Samaras edo Ledley King, pasatu dira, Aritz Aduriz, Carlos Gurpegui, Ainhoa Tirapu, Erika Vázquez, Iñaki Williams, Marta Unzué eta Óscar de Marcos bezalako futbolariekin batera. Azken jokalari honen musika taldea, Orsai deritzona, (eta Asier Villalibrek, Dani Garciak, Iñigo Lekuek, Mikel Vesgak, Mikel Balenziagak eta De Marcosek berak osatua), 2021eko Thinking-aren inaugurazio saioan izan zen.
Proiekzioen osteko solasaldietan parte hartu duten zinemako eta gizarteko beste pertsona ospetsu batzuk Duncan Kenworthy, Michael Zimbalist, Gilles Rof, Gilles Pérez, Lou Englefield, Rafael Henzel, Miguel Alcantud, Victor Buhler, Mike Brett, Steve Jamison, Nico Schneider, Pedro Asbeg, Jeff C. Bell, Gustavo Vieira eta Jane Preston izan dira.
Film guztiak jatorrizko bertsioan ematen dira, gaztelaniara eta, egoeraren arabera, euskarara edo ingelesera azpitituluak jarrita.