End of Summer

Istorioa belaunaldi ezberdinetako hiru gizon txinatarren inguruan zentratzen da: Ume bakarti bat; bere aita, oso lanpetuta umeari arreta eskaintzeko; eta adineko auzokidea, bere ilobaren falta sumatzen duena. Umea eta adineko gizona lagun egingo dira, biak futbolzale amorratuak baitira, eta 1998ko Munduko Txapelketako partidak ikusiko dituzte elkarrekin, ezkutuan. Aitak umea ikasketetan zentratzea baino ez du nahi. Auzokideek komunitateko patio zaharra bota nahi dute, etxebizitza berriak egiteko, baina adineko gizona guztiz kontra azalduko da eta umea prestatu nahiko du eskolako futbol taldeko probak gainditzeko. Ustekabe baten ostean, umeak adineko gizonarekin ihes egitea erabakiko du, bere lagun eta aliaturik onena baita. Film honek abenturaz, deskubrimenduz eta minez betetako uda bat kontatzen du, hiru belaunaldi desberdinetako hiru gizon protagonista dituela. Beren nahasmendu, bakardade eta kezkei aurre egin behar diete, eta besteen onarpena bilatu, Txinako historiako momentu oso berezi batean; hain zuzen, herrialdea berregituraketa sozial, ekonomiko eta politikoan murgiltzera doanean. Zuzendariaren arabera, film honek ikusarazi nahi du “pertsonen garapen eta heltze prozesua ez dela ume eta nerabeek soilik bizi beharrezkoa; edozein adineko pertsonok izan dezakegula aukera ikasteko eta bizitzaren konplexutasunaz ohartzeko.”


  • Zuzendaria:
    Zhou Quan
  • Jatorrizko izenburua:
    Xi Xiao He De Xia Tian
  • Urtea:
    2017
  • Herrialdea:
    Txina
  • Iraupena:
    102 minutu
  • Proiekzio eguna:
    20-03-2019 - 18:00